Behi gizenen sasoian milaka milioi poltsikoratu dituzten enpresari autogile koitaduek Aita Estatuaren laguntasuna behar dute. Erreguari jaramon eginez, Sarkozyk eta Zapaterok dirulaguntzak emango dizkiela jakinarazi berri dute, plan zehatzak aurkeztuz.
Alabaina, ez dirudi benetako asmoa dagoenik ganorazko eraldaketari ekiteko. Autogintzak Euskal Herriaren industria arloan duen gehiegizko pisuak arrisku handiak dituela jakina zen. Orain, egoera ekonomikoak eta enplegu erregulazio espedienteek piztu dute askoren alarma gorria.
Zer egin daiteke? Badira PREVER plana erretiratu izana deitoratzen dutenak. Badira enpresarientzako diru laguntza handiagoak –are handiagoak- eskatzen dituztenak. Esaterako Anfac ekoizleen patronaleko zuzendari nagusi Luis Valerok beti nahi izaten du gehiago, nola ez. Hori bai, ez dio gehiegi axola garraio sektoreak izatea negutegi efektuko gasen isurketan eboluziorik kaxkarrena. Ez dio ardura Europar Batasunean 370.0200 lagun urtero hiltzeak batez ere trafikoak eragiten duen kutsadura dela eta. Are gutxiago kezkatzen du Euskal Herriko herri mordoan urratzen bada airearen kalitatea zaintzeko indarrean den legeria, kasu asko eta askotan batez ere trafikoa dela eta.
Ekoizten diren autoak hain kutsakorrak izan ez daitezen lanean ari dira hainbat, horrek ingurumena gutxiago kaltetzeaz gain, etorkizun hobeko industriagintza mesedetu eta enplegu iraunkorragoak sortuko dituelakoan. Horien artean dira Volkswageneko LABeko kideak. Duela hilabete batzuk, auto berrien batez besteko CO2 isuria murriztea eskatu zuen LABek, Europar Batasuneko arlorako ildoekin koherente izanez. Nafarroako CCOO eta UGTren jarrera, ordea, lotsagarria izan da, neurri horien aurka agertuz. Enpresaburuen arrastoan dabiltza, beharrezko klima aldaketaren aurkako borroka eta Euskal Herriko industriaren berrikuntza oztopatuz.
Europar Batasuna, AEB, Japon eta Hego Korean 4 milioi lanpostu batzen dira autogintzan, planetako guztiaren erdia. Horietatik soilik 250.000k isurtzen dute 120 gr CO2/km edo gutxiago, eta 800.000k 140 gramotik behera. Sasoi berrietarako lehenago prestatzen direnak aterako dira garaile. Gainontzekoen etorkizuna, beltza.
Hortik harago, instituzioek duten erantzukizun zabal eta orokorragoa: Euskal Herriko garraioaren errealitate negargarria errotik aldatzea, joan-etorrien beharra murriztea lortuko duten lurralde antolamendu eta hirigintza eredua ezarriz, errepidearekiko mendekotasuna murrizteko garraio eren trasbasea ahalbidetu eta erdietsiz eta kalitatezko eta ganorazko garraio publiko sare eraginkorra antolatuz. Horrek ingurumenari, gizarteari eta baita ekonomiari ere egingo die mesederik handiena.
0 iritziak:
Publicar un comentario