2008ari gainbegirada feminismotik

2008 urtea ia amaitzear dagoela Euskal Herria feminismoaren ikuspuntutik aztertzen badugu, urte esanguratsua izan dela ikus dezakegu. Esanguratsua batetik, aurrera pauso garrantzitsu eta positiboak eman direlako mugimendu feministaren eskutik, zentzu horretan azpimarratzekoak dira, Euskal Herriko Emakumeen Eskubideen Karta adostea eta IV..Jardunaldi Feministak antolatzea eta burutzea. Baina, horrekin batera, beste aldea ere badago, izan ere, sexu-genero gatazkaren alde ilunen eta bortitzenak jasaten ari gara. Bi gai mahai gaineratu nahi dugu: aborto eskubidea eta emakumeen aurkako indarkeria.
Lehenari dagokionez, Euskal Herriko emakumeok, behin eta berriz aldarrikatzen dugun aborto eskubidea bermatuko duen lege egoki eta eraginkorra ez dugu epe motzean lortuko. Aitzitik, Espainar Estatuak, bere nagusikeria ezarriz, menpe dituen Euskal Herriko lau herrialdeetako emakumeoi eragingo digun lege berria ezartzeko asmoa du.

Esku artean duten lege egitasmoa arrotza izateaz gain, ez du emakumeok gure gorputzaz eta bizitzaz erabakitzeko dugun eskubidea aintzat hartzen. Gainera, lege berriaren iragarpenarekin batera, Estatu espainiarrean abortuak egiteagatik zenbait profesional atxilotu egin zuten. Beraz, arazo larri honi konponbiderik ez eta kriminalizazioa omen da aukeratu duten jokabidea.

Bigarren gaiaz, emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez esan beharra dugu horren adierazpen bortitzenak, emakumeen hilketak, alegia, behin eta berriz aztitzen gaituela. Biktimak adin desberdinetako emakumeak dira, hemen jaioak eta hona etorriak. Euren arteko elementu komuna emakumeak izatea.

Argi dago emakumeenganako indarkeria ez dela iraganeko jokabide ankerra, egun tinko dirauen errealitate beldurgarria baizik. Eta tamalez, hala izango da emakumeok gutxiagotzen gaituen jendarte eredu patriarkala aldatzen ez dugun bitartean.

Azken batean, aipatutako adierazleek agerian uzten dute ezkerreko proiektuen borroka ideologikoan eta baita euren praxian egon diren eta dauden gabezien ondorio larriak. Orohar ez dute feminismoa barneratu eta emakumeon eskubideen aldeko borroka sistematikoki ikustezindu egin dute. Ezker Abertzalea ez da salbuespena izan. Prozesu Feministaren eskutik jauzi garrantzitsuak eman badira ere, gehienetan arazo bilakatu ohi da emakumeen eskubideen urraketari izaera politikoa aitortzea, eta zentzu horretan, are zailagoa oraindik, ideologikoki borroka arlo estrategiko eta ez koiuntural bezala kokatzea

Aurrera begira arazoak identifikatu eta erasoak irmoki salatzeaz gain badago zeregin garrantzitsua, alegia, bitartekoak eskuratzea egoera iraultzeko eta aldarrikatzen dugun jendarte eredu berria eraikitzen joateko. Saldu nahi diguten gizonezko eta emakumezkoen arteko irudizko berdintasun formalaren aurrean berdintasun errealerako bidea exijitzen eta egiten joan behar dugu eremuz eremu, borrokaz borroka. Arestian esan bezala, aurten bi tresna baliotsu lortu ditugu: EHko Emakumeen Eskubideen Karta eta Jardunaldi Feministei esker Aliantza feminista erdiesteko konpromiso zabala. Aurrerantzean bi tresna hauetaz baliatuz urrats esanguratsuak ematea da helburu.