Gora munduko emakumeak!!!

Euskal emakume langileok eskubideen urraketa baten aurrean aurkitzen gara. Urraketa honen oinarrian sistema neoliberal patriarkalak eragiten duen egiturazko zapalkuntza dugu, eremu ideologiko, politiko eta ekonomikoan ematen dena. Zapalkuntza honen ondorioz, pertsonen arteko botere harremanak eta sexuaren araberako lan banaketa ditugu.


Emakumeok pairatzen dugun egiturazko zapalkuntza honek izaera eta adierazpen ezberdin ondorioztatzen ditu. Gaur egun, itxurazko berdintasunaren aurrean aurkitzen gara. Non, oro har, berdintasun formala erdietsi den, baina egiturazko aldaketa ez den eman. Izan ere, gure herriko indar politiko gehienak politika neoliberal-patriarkalaren aliatuak dira, haien sasi politikarekin berdintasun faltsuaren ideia sinestarazi nahi digutelarik.

Gure gorputzaren burujabetzari dagokionez, hamaika oztopoen aurrean aurkitzen gara. Esaterako, egungo marko juridiko-politikoan abortatzeko eskubidea urraturik dugu. Delitu bat izaten jarraitzen duelarik. Haatik, abortatzeko eskubidearen urraketaren aurrean, mugimendu feministak hamaika aldarrikapen eta ekimen burutu izan ditu eta aurtengo martxoaren 8an ere zenbait dinamika eta kanpaina garatzen ari dira.

Bestalde, sistema ekonomikoaren krisiaren aldagaia dugu. Izan ere, krisi ekonomikoak euskal langile guztiongan eragiten badu ere, krisiaren kaltetuenak emakumeok izaten ari gara eta dagoeneko krisiak dituen ondorio sozialak pairatzen ari gara.
Azkenik, sexuen arteko harreman hierarkikoen ondoriorik larriena emakumeon kontrako indarkeria da. 2009. urtea hasi denetik Baionan emakume bat erail zuten, bortxaketa kasu eta bestelako eraso sexista ugari eman dira eta ezin dugu ahantzi ere joan den urteko urriatik Lizarrako emakume bat desagerturik dagoela.

Egiturazko zapalkuntza honen aurrean emakumeok eta mugimendu feministak gure eskubideen aldeko borrokari heldu dio. Izan ere, eremuz eremu eta nazio mailan zein tokian toki eskubideen defentsan hamaika dinamika burutu eta burutzen ari dira. Besteak beste, Euskal Herriko Emakumeon Eskubideen Kartaren aldeko lana, eskubide erreproduktiboak eta abortatzeko eskubidearen aldeko ekimenak, emakumeon prekarietaren kontrako borroka edota indarkeria sexistaren aurkako borroka.

Beraz, pertsonen arteko harreman berrietan oinarrituriko Euskal Herria eraiki dezagun, emakumeon eskubideen aldeko borrokari ekin behar diogu. Inposatu diguten marko juridiko-politikoaren topeak ikustaraziz, aldaketa politiko eta sozialaren norabidean urratsak emanez eta emakumeon eskubideak aitortu eta bermatuko dituen eszenatokia erdiesteko lan eginez.

Bide horretan, heldu den martxoaren 8an gure eskubideen alde kalera atera behar gara. Emakumeon prekarietate eta pobreziari, hezkuntza patriarkarrari, kultura androzentrikoari eta indarkeria sexistari aurre egiteko kalera atera behar gara. Abortu libre eta dohakoa eskatzeko, harreman eredu askea exigitzeko, emakumeok eskubide osoko subjektu politikoak garela aldarrikatzeko eta eraldaketa soziala nahiz politikoaren premia ikustarazteko kalera atera behar gara.
Beraz, Emakumeon nazioarteko egunean emakumeon eskubideen alde borrokatzeko deia luzatuz, Euskal Herriko hiriburuetan nahiz herrietan egonen diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin nahi dugu.

Igandea, martxoak 8, eguerdiko 12:30etan
Bilboko Arriaga enparatzan