AEKk Bilbon daukan egoitza nagusian, Korrika 16ren arduradun Edurne Brouard eta AEKren koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikarekin Tasio Erkizia eta Itziar Lopategi Ezker Abertzaleko kideak elkartu ziren egun horretan.
Tasio Erkiziak AEK eta Korrikaren lana “txalotu” zuen eta Ezker Abertzaleak Korrika herriz herri, eta auzoz auzo, Euskal Herri osoan zehar bultzatzeko konpromisoa hartuko dutela adierazi zuen. “Asko dira Korrikari atxikimendua adierazteko arrazoiak, baina bi dira, batez ere, nabarmendu nahi ditugunak”.
Batetik, Korrika 16ren lema, Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira!, “oso egokia” iruditzen zaio Ezker Abertzaleari. 16. Korrikak “gaurkotasun handiko mezua” zabaltzen dagoela aipatu zuen Erkiziak eta azken urteotan, batez ere, Euskal Herriak hiru inmigrazio uholde bizi izan dituela gogoratu zuen eta “migrazio mugimendu honek euskararen atzerakada” eragin zuela; hiriburuetan eta hiri handietan, batez ere. “Euskara baserritarren eta arratzaleen hizkuntza bilakatu zen, eta hirietatik desagertuz joan zen”.
“Euskarak atzera egin zuen, baina, ez inmigranteen erruagatik. Inmigranteak euskararen eta euskal kulturaren kontra erabiliak izan ziren. Ez zitzaien integratzeko aukerarik eman, euskara ikasteko aukera eza izan zuten”, aipatu zuen Erkiziak. “Inmigrazio uholde hau biziki garrantzitsua da euskararentzat. Gure hizkuntzaren aldeko urratsa izan daitezen, bitartekoak eskaini behar zaizkie kanpotik datozen guztiei”. Inmigranteak gainerako hiritarren modura sentitu behar dira; "herrian integratuta bizitzeko aukera eman behar zaie”.
Korrika 16ren lema ez dago soilik Euskal Herritik kanpo datozenei eskainia. Gizarte guztiari zabaltzen den mezua da; euskara ezagutzen ez dutenei eta euskara ezagutzen dugunoi. “Euskarak badu bere kultura, euskarak badu bere unibertsoa, bere izaera eta euskaraz bizi nahi dugu modu normal eta konprometituan”, azpimarratu zuen Erkiziak.
Ezker Abertzaleak indar handiz Korrika bultzatzeko aipaturiko bigarren arrazoia euskara arriskuan egotea izan da. Urtero eta egunero hizkuntzak galtzen dira eta gure hizkuntza, euskara, tamalez, bide horretan dago. “Hori ez da Ezker Abertzaleak diolako. Objektiboki probatuta dago; Nazio Batuen Erakundeak argitaratutako txostenari baino ez diogu so egin behar”.
“Gaztelania inposatzen den herri honetan egunez egun AEK-k egiten duen lana” zoriondu dute Erkiziak eta Lopategik eta 16. edizio honetan, Korrikak “modu alaian eta bizian” bere mezua Euskal Herriko txoko guztietatik zabalduko duela adierazi dute. Izan ere, “euskal herritarrok euskaraz bizi, sentitu eta pentsatu nahi dugu eta euskaldunok kalean ere indar hori erakutsi behar dugu. Gure eta gure hizkuntzaren etorkizunean sinisten dugulako”.
Edurne Brouardek Ezker Abertzaleari eskerrak eman zizkion berriro Korrikari bere babesa agertzeagatik. “Eskertzekoa da, lehenengo Korrikatik, betidanik, zuen atxikimendua izatea”.