Eraso guztien gainetik... GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA!!!

Euskal preso politikoen argazkiak nola tirokatzen dituzten erakusten duen bideoa zabaldu da, askatu.org web orriak jakinarazi duen moduan. "Orain dela urtebetekoa izan arren, egun bizi dugun giro errepresiboaren neurria ondo erakusten duen azken adibidea delakoan gaude", azaldu du amnistiaren aldeko mugimenduak.

"Gure aldetik uste osoa dugu tiroka agertzen diren pertsona horiek espainiar poliziak direla. Euskal preso politikoen argazkiak kendu eta beraien tiro praktiketan erabili dituzte, bideoan ondo ageri den bezala", ziurtatu dute.

Euskal preso politikoen aurka "elikatzen ari diren gorrotoaren eta mendekuzko jarreraren erakuslea da bideoa". Euskal preso politikoen aurka guztiak balio duela salatu dute; "biziarteko zigorra ezartzeak, minbiziarekin espetxean mantentzeak, jipoiak emateak, bakartzeak, ehunaka kilometrotara sakabanatua izateak". Kasu honetan, "presoak tirokatzeak ere balio duenaren ideia da bideoak ematen duena".

Mota honetako bideoak "gerra zikina bultzatzera" datozela uste du amnistiaren aldeko mugimenduak, "Gobernu espainolaren bulegoetan marraztu eta aparatu polizialekin edo elementu faxistekin eskuz esku aurrera eramaten ari den gerra zikina, hain zuzen ere".

Rodolfo Ares eta Elma Saizek "argitu beharko lukete beraien poliziek zer egiten duten euskal preso politikoen argazkiak kendu eta beraiekin eramaten dituztenean", eskatu du, eta "ea jarduera hauek ohikoak diren beraien mende daude polizia gorputzetan".

"Faxismoaren eta gerra zikinaren aurrean" mobilizatzera eta presioa indartzera deitu ditu herritarrak amnistiaren aldeko mugimenduak.