Bizkaiko aurrekontuak ezkerretik!!!

Gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan Bizkaiko aurrekontuen aurkezpena hasi da Ogasun Eta Finantza batzordean. Prozesua abendura arte luzatuko da, tartean zuzenketak aurkezteko epea zabalduz.


Aurrekontuen prozesua prozesu itxia da, ez du aukerarik zabaltzen Bizkaiko eragile sozialek eta sindikalek aurrekontuen prozesuan parte hartu ahal izateko eta alderdi gehiengoen aldetik ez dago inolako asmorik horrelako bideak zabaltzeko. Asteleheneko Osoko Bilkuran ikusi ahal izan genuen moduan, PNVk, PSOEk eta PPk ezetza eman zioten Bizkaiko eragile sozial eta sindikalek aurrekontuen prozesuan parte hartu ahal izateari.

Aurrekontuen prozesuak berebiziko garrantzia du, datorren urtean Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaian aurrera eramango duen politika zehazten baitute, eraiki nahi duten Bizkaiaren isla baitira. Eta uste dugu bizkaitarrok asko dugula esateko Bizkaia ereduak zer nolakoa izan behar duen erabakitzeko orduan.

Bide horretan, Bizkaiko Batzar Nagusietako Ezker Abertzaleko taldetik, “ BIZKAIKO AURREKONTUAK EZKERRETIK” jardunaldiak antolatu ditugu, aurrekontuen prozesuak irauten duen bitartean burutuko direnak.

Alde batetik, arestian aipatu dugun moduan, ezinbestekotzat jotzen dugulako aurrekontuen inguruko eztabaida soziala bultzatzea, aurrekontuen onarpen prozesuak irekita egon behar duelako eragile sozial eta sindikal ezberdinen ekarpenak jasotzeko eta eztabaidan parte hartzeko. Eta bestetik, uste dugulako gaurdanik eraiki behar dugula sistema kapitalistari aurre egingo dion alternatiba, herriaren zerbitzura eta benetako beharren arabera eraikita egongo den eredu sozio-ekonomikoa.

IHARDUNALDIETAKO EGITARAUA
LEKUA: Bizkaiko BBNNetako areto nagusian. ( Bilbo, Hurtado Ametzaga 6)

Azaroak 10. Asteartea. 19:00etan
Krisiari aurre egiteko aurrekontuak. Gonbidatua: Nekane Jurado
Azaroak 17. Asteartea. 19:00etan
Aurrekontuak genero ikuspegitik lantzen . Gonbidatua: Yolanda Jubeto

Azaroak 24. Asteartea. 19:00etan
Bizkaiko aurrekontuak hausnarketa eta eztabaida. Hizlariak: Bizkaiko Batzar Nagusietako Ezker Abertzaleko taldea.

Bizkaiko Batzar Nagusietako Ezker Abertzaleko taldea