Abortatzeko eskubidearen aldarrikapena ez da berria. Izan ere abortu eskubidea, emakumeon autonomia, emakumeon gorputzaren gaineko kontrola zein sexu eta ugalketa eskubidearen aldarrikapena Euskal Herriko mugimendu feministaren borroka gai garrantzitsua izan da sorreratik.
Euskal emakumeoi dagozkigun eskubideak sistematikoki urratuak ditugu. Besteak beste, abortatzeko eskubidea ukatua dugu.
Estatu espainolean abortua kode penalaren baitan kokatua dago eta hiru egoera zehatzetan izan ezik delitutzat jotzen da. Halaber, legeak osasun sare publikoan abortatu daitekeela esaten duen arren, emakumeei zein osasungintzako langileei amaigabeko oztopo eta zailtasunak jartzen zaizkie abortatu ez dezaten. Nafarroaren kasuan, arautu gabeko kontzientzia eragozpena dela eta, ezinezkoa bilakatzen delarik.
Estatu frantsesean ordea, haurdunaldiaren lehenengo 12 asteen barruan abortua legala da, eta epe hau gainditzen denean ama edo fetua arriskuan badago egin daiteke. Edozein egoeratan, bi medikuen egiaztapena beharrezkoa da.
Hortaz, Estatu espainiar zein frantsesean, mediku batek erabakitzen duen bitartean emakumeok gure gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidea ukatua dugu.
Ezker abertzaleak, emakumeon askatasunaren alde borrokatzeko konpromisoa hartu eta pertsonen arteko harreman berrietan oinarrituriko jendarte berri baten aldeko hautua egiten du. Bide horretan, emakumeen eskubideen defentsa eta ofentsiba patriarkarrari aurre egitea ezinbestekoa da.
Emakumeon sexu eta ugalketari dagokionez, eta zehazki abortatzeko eskubideari dagokionez, eliza katolikoak eta indar eskuindarren eskutik abortatzeko eskubidearen aurkako ofentsiba politikoa eta ideologiko nabarmena garatzen ari dira. Hori dela, emakumeon eskubideen aldeko borrokari heltzea eta zehazki, abortatzeko eskubidearen defentsari heltzea funtsezkoa zaigu.
Mugimendu feministak historikoki aldarrikatu duen bezala, emakumeak erditzen dira eta emakumeei dagokie haien gorputzaren inguruan erabakitzea. Halaber, abortua ez da delitua, eskubidea baizik; hori dela eta, despenalizazioa urgentea da.
Osasun zerbitzu publikoak eskubide hau bermatu behar du, horretarako beharrezkoak diren bitartekoak sortuz eta bermatuz.
Beraz, abortatzeko eskubidearen alde eta oro har, emakumeon eskubideen defentsan kalera atera behar gara.
Hori dela eta, heldu den ekainaren 6an, arratsaldeko 18'00etan Bilboko Arriagan, Euskal Herriko 25 bat talde eta eragile feministak deituriko manifestazioan parte hartzeko deia egin nahi dugu.
0 iritziak:
Publicar un comentario